XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ondo dago hori.

Baina ez zaizkio zorionak ematen irakasleari bi gehi bi berdin lau dela irakasteagatik.

Lanbide eder hori aukeratzeagatik emango zaizkio zorionak agian.

Esan dezagun beraz, goraipatzekoa dela Tarrouk eta besteek bi gehi bi berdin lau dela frogatzen saiatu izana eta ez alderantzizkoa, baina esan dezagun ere borondate on horrek irakaslearenarekin bat egiten zuela, irakaslearen bihotz bera duten guztiekin bat egiten zuen modura eta, gizonaren ohorez, uste dugun baino gehiago direla; hauxe da behintzat narratzaileak pentsatzen duena.

Jabetzen da hau, bestalde, egin lekiokeen bainoaz, alegia, gizon haiek bizia arriskuan jarri zutela.

Baina beti heltzen da historian ordu bat, bi gehi bi berdin lau esatera ausartzen denari heriotzera zigortzen dutena.

Ondo daki hori irakasleak.

Eta ez da kontua zein den arrrazoibide honi dagokion saria edo zigorra jakitea.

Kontua da jakitea ea bi gehi bi, bai ala ez, lau diren.

Bizia arriskuan jarri zuten gure hiritar haiek, erabaki beharra zuten ea, bai ala ez, izurritean zeuden eta ea, bai ala ez, haren aurka joan behar ote zuten.

Moralista berri asko atera ziren orduan gure hirian, esanez ezerk ez zuela ezertarako balio eta belauniko jarri behar genuela.

Eta Tarrouk, eta Rieuxek, eta hauen lagunek hau edo bestea erantzungo zieten, baina ondorioa beraiek bazekitena zen betiere: modu batera edo bestera borroka egin beharra zegoela eta ez belauniko jarri.

Arazo guztia ahalik eta gizon gehinak heriotzetik eta betirako bereiztetik aldentzea zen.

Horretarako ez zegoen izurriari aurre egiteaz beste biderik.

Egia hau ez zen miresteko modukoa, ondorioa baizik.

Horregatik zen naturala Castel zaharrak bertan sueroak fabrikatzen hasi izana bere konfidantza eta kemen osoz, eskura zituen materialekin.

Rieux eta berak espero zuten horrela hiri osoa kutsatzen zuten mikrobioekin egindako kultiboez fabrikatutako sueroek kanpotik etorritakoek baino eragin zuzenagoa izango zutela, mikrobioa klasikoki definitu ohi den izurriaren baziloaren aldean desberdin samarra bait zen.

Lehenengo sueroa nahiko azkar lortuko zuela espero zuen Castelek.

Horregatik zen naturala ere Grandek, inolako heroi tankerarik ez zuenak, oraingoan osasun taldeen nolabaiteko idazkaritza bat bermatu izana.

Hala, Tarrouk osatutako talde batzuk prebentziorako laguntza lanetan ziharduten gainpopulatutako auzoetan.

Beharrezkoa zen higienea ezartzen saiatzen ziren (...).